Pertsonaiak
Inauterietan mozorroz janzten diren pertsonaiei “porrero” deitzen zaie. Baina porreroek hainbat pertsonaia irudikatzen dituzte, zein bere xehetasun eta elementu bereziekin.
Porreroen janzkera ez da uniformea, xehetasunetan aberatsa baizik, eta elementu gehienak landa lanean erabiltzen direnak dira. Banakako eta taldekako porreroak daude. Hauek dira taldekako mozorroak: “gizenak”, “zamarretakoak”, “hautsariak”, “farfailetakoak” eta “koloretakoak”.
Haurrek zera kantatzen diete “porreroei” atzean jarraika dituztenean: Porrero, atera babak lapikotik, atera bat, atera bi, atera hiru, atera lau, atera bost… eta egin jauzi handi bat!.
“Porreroek” haurren bat harrapatzen badute, errekara eraman eta aurpegia bustitzen diote, edo lokatzez zikintzen dute. Hori ekiditeko, haurrak elizako atarian babesten dira, leku hori debekatuta baitago porreroentzat.
Hiru udalerrietako bakoitzean porrero nagusi bat izendatzen da, eta agintea hartzen du dagokion herrian.
- Denak
- Nagusia
- Taldekoa
- Banakakoa
- animalia
- Erlijiosoa
- Beste bat

Lasto gizona
Pertsonaia hau ez dago bizirik, baina inauterien erdigunean dago. Tamaina handiko panpin bat da, besoak gurutzean dituena. Zaku oihalez eta lastozko betegarriz egina. Badauka ikaragarrizko sudurra, txapel handia eta zapi gorria lepoan.
Azken urtean inguruan izandako gertaera txarrak irudikatzen ditu. Hori dela eta, Andoinen apaizak epaitu eta zigortu egiten du, eta sutan erretzen dute. Lasto gizona erretzeak berekin dakartza garbiketa eta gaitzen desagerpena.

Farfailetakoa
Farfaila ugariz apaindutako alkandora, behealdean farfailak dituen zaia, kaskabiloak gerrian eta praka zuriak gerriko horiarekin. Aurpegia beltzez margotuta darama, eta artilezko txano gorri, marroi edo beltz bat. Arto hosto batzuek aurpegia ezkutatzen diote, edo bestela muturrean lumak dituen txano batek. Eskuan egurrezko sarda.

Zamarretakoa
Blusa zuri batez eta gorputz osoko ardi larruzko bi zamarrez osatutako jantzia. Gerrian, zintzarri handiak dituen gerriko batez eusten dira. Mahoizko galtza urdinak, artilezko galtzerdiak eta abarkak hanketan lotuta. Gorriz margotutako aurpegia eta txano zuria, koloretako zintekin eta hurritz makila handi batekin.

Koloretakoa
Jantzi honetan, oso koloretsua den blusa bat nabarmentzen da. Soinean kaskabilo zerrenda bat edo bi gurutzatuta, eta zaia zuria, mahoizko praka urdinak, artilezko galtzerdiak eta abarkak hanketan lotuta. Aurpegia gorriz margotuta darama eta burua artilezko txano gorri batez estalita, txanoaren muturrean zaldi zurda bat zintzilik. Eskuan karraka bat edo txipli-txaplak (matraka) daramatza.

Hautsaria
Bisitarientzat beldurgarrienak, bisitarien oinetara errautsa jaurtitzen dutelako eta hori egiten uzten ez dietenen atzetik ibiltzen direlako, batez ere haurren atzetik. Goitik behera beltzez janzten dira, blusa beltz handi eta nasai batekin eta praka beltzekin. Antipar zuriak eta aurpegia ikatzez margotua. Zaku bat daramate, kapa kaputxadun gisara. Gainera, latorrizko ontzi bat daramate errautsa eramateko. Errauts hori, aldez aurretik, hainbat lekutan gordetzen dute, betetzeko.

Latorrigilea
Herririk herri lapikoak konpontzen ibiltzen ziren latorrigileei egiten zaie erreferentzia. Jentilen leizean aterpetzen ziren, edo herritarren baten lastategian, tokiren bat utziz gero.
Kasaka eta artisau larruzko mandarra janzten ditu, eta hainbat lapiko eta latorrizko ontzi daramatza, zarata ateratzeko. Txapel handi bat darama, eta bizar luzea.