Ibilbidea

Gaur egun ospakizunak asteburuetan egiten dira (AHIK koordinakundearekin inauteri guztietarako adostutako egutegiaren arabera).

Ilarduia

Herri bazkaria (13:30)

babarrunak sakramentuekin janda hasten da larunbata.

Erronda (16:00)

bazkalostean, adarra jo eta PORRERO! oihua entzun ondoren, erronda egiten hasten dira, gozokiak zein edaria eskatuz, aurretik herrian zehar ibiltzeko adostutako hiru etxetan… Lastategi batean lapurreta baten plantak ere egiten dituzte.

Dantzak

errondaren ostean Ipurdi dantza edo San Petrike dantzatzen da. Zirkuluan jarrita, porreroak dantzarako eta parte hartzaileak biltzeko prestatzen dira. Porreroak bi ilaratan jartzen dira “Asparreneko Martxa” (Pintturena) dantzaren erritmoan herritik irteteko.

Eginora bidean

dantzaren ondoren, bide osoan kantuan eta dantzan joaten dira, hautsariek haurrak xaxatzen dituzten bitartean. “Lasto gizona” astoz eramaten dute.

Makila ematea

mugan porreroak bi taldetan banatzen dira, bata bestearen aurrean, Ilarduiako porrero nagusiaren atzean. “Asparreneko Martxaren” zati bat dantzatzen da, bi pika eta bi bolantekin. Ondoren, Ilarduiako porrero nagusiak aginte makila ematen dio Eginoko porrero nagusiari. Une horretatik aurrera, bera arduratuko da inauteri taldea Eginora eramateaz.

Egino

Erronda

han erronda egiten dute berriro, herri osoa zeharkatzeko estrategikoki aukeratutako hiru etxetan eskatuz.

Lasto gizona

lasto gizona astotik gurdi batera lekualdatzen dute, alegia, idi mozorroa daramaten bi lagunek tiratutako gurdira.

Dantza

plazan, sorgin dantzak urrezko amaiera ematen dio Eginoko egonaldiari.

Txokolatada

ondoren atseden hartu eta torradak eta txokolatea janda indarberritzen dira parte hartzaileak.

Andoinera bidean

ilunabarra da Andoingo igoera hasten denean. Ilunpetan, porreroek zuziak altxatzen dituzte ikusteko eta ikusiak izateko, eta ibilbidearen azken zatian bidea markatzeko.

Makila ematea

Egino-Andoin mugan, makila emateko errituala egiten da berriro: Eginoko porrero nagusiak Andoingo porrero nagusiari ematen dio makila. Une zehaztugabe batean pertsonaia bitxi bat agertzen da (gizon odoltsua), deabru itxurakoa, haurren artean izua eraginez.

Andoin

Erronda

taldeak herrian zehar egiten du erronda, etxeetan eskatuz, eta, azkenik, herriko plazara iristen da. Plazan, lasto gizona otez prestatutako sutearen zutoinean enpalaturik dago. Herriko argiak itzali egiten dira.

Sermoia

apaizak, mezamutilak alboan dituela, akusazio sermoiari ekiten dio. Lasto gizonari lur hauetan gertatutako gaitz guztiak leporatzen dizkiote. Bera da guztiaren erruduna; epaiak hala dio behintzat.

Erreketa

irakurketa amaituta, sua pizten da, eta denak zalaparta eta alaitasun betean hasten dira dantzan su handiaren inguruan, dantza soinuak entzuten diren bitartean: “txula-lai” “baltsa” ,”jota”, “fandangoa”, “arin-arina”, “kalejira”. Lasto gizona erre ondoren, pintxo erronda bat hartu eta afaltzera joaten dira.

Hiru herrietako emakumeek egin zituzten porreroen mozorroak. Amonek inauterietako pertsonaien mozorroak mozteko eta josteko jarraibideak eman zituzten.

Lasto gizona inauteri eguna baino lehen prestatzen dute Eginoko herritarrek urtero. Horretarako, antzinako inauteriei buruz jasotako informazioan oinarritzen dira. Ekitaldietan hiru herrietako biztanle guztiek parte hartzen dute, eta horiei bisitariak ere batzen zaizkie.