Herri Inauteria

                Herri inauteriak “Neguko jaiak” esaten diegun horien parte dira. Jai horiek urtero errepikatzen dira ia-ia modu liturgikoan, bai mozorroei dagokienez, bai haien garapenari dagokionez.

Benetakoagoak eta antzinakoagoak dira, naturarekin sakonki lotuta baitaude. Oraina iraganarekin lotzen da, eta gizabanakoa kolektibitatearekin.

                Herri inauteriak bere maskarak, dantzak, musika eta neurrigabekeriak ditu adierazpide; askotan pertsonaia nagusi bati zuzentzen zaizkio begirada guztiak.

Azkenaldian, bazirudien herri inauteriak etnografiaren hondar bat izatera kondenatuta zeudela, landa inguruneetako despopulazioaren biktima. Gaur egun, berriz, errautsetatik nola berpizten diren ikus dezakegu. Jai erritu askok bezala, baldintza historikoetara egokitzen jakin izan dute bizirauteko. Herri inauteriek beti izan dute halako erakargarritasun sakon bat herritarrengan. Gaur egun ere, badirudi halako tradizioek grina berezia pizten dutela herritarren artean. Itxura denez, gizarte globalizatuak ukatzen dizkigun identitate sustraiei eusteko beharrari zor zaio joera hori.

Ilarduia, Egino eta Andoin Asparrena udalerriko hiru herri dira, Arabako Lautadaren ekialdeko muturrean kokatuak, non Altzania eta Entzia mendilerroak itxi eta inbutu estu bat osatzen duten Nafarroako Sakanarekin bat egin aurretik.

Asparreneko udalerria osatzen duten hiru kontzejuon lotura kulturalak oso nabarmenak dira alderdi askotan, besteak beste, jai ospakizunetan.

Hori dela eta, 2005. urtean, kemenez beteriko talde bat ikerketa lanak egiten eta datuak biltzen hasi zen, herri inauteria berpiztea helburu. Adineko pertsonekin arratsalde askotan izandako elkarrizketen eta oroitzapenen bidez antzinako inauterien historia bizia eta benetakoa osatuz joan ziren, eta lehendik zegoen bibliografiari esker, Ilarduia, Egino eta Andoingo inauteri zaharrak berreskuratu ziren; Arabako hiru herri txiki, denen artean 200 biztanle baino ez dituztenak. Gerra zibilaren aurretik, inauteriok independenteak ziren elkarrekiko, baina ekintzen eta pertsonaien paralelismo handia ikusita, denak batera ospatzea planteatu zen.

Historia

1936. urtea baino lehen, herriotako inauteriak larunbatetik asteartera ospatzen ziren, baina egun garrantzitsuenak igandea eta asteartea ziren. Igandean gazteak ateratzen ziren, porrero mozorrotuta; etxerik etxe eskean ibili eta afaldu egiten zuten.

 

Asteartean Lasto gizona prestatzen zuten. Ote bila igotzen ziren mendira, sutarako. Arratsaldean herriko gaitz guztiak leporatzen zizkioten Lasto gizonari. Azkenik, erre egiten zuten, edo bolboraz lehertu.

Ibilbidea

Ilarduia, Egino eta Andoin herrien arteko ibilbide jarraituan egiten da inauteria.

Herri bakoitzean errondak egiten dira, eta ekintza espezifikoak gauzatzen.

Gehiago jakiteko:

Pertsonaiak

Musika

Musikariek, behar bezalako jaietan ezinbesteko elementuak izaki, txistuen, danbolinen, dultzainen, trikitixen, adarraren eta abarren bidez aletzen dituzte musika notak.