Historia

1936tik aurrera ospatzeari utzi zitzaion (edo apenas ospatu zen), harik eta 2007tik aurrera baterakoa berreskuratu den arte.

Herriotako inauteriak larunbatetik asteartera ospatzen ziren, baina egun garrantzitsuenak igandea eta asteartea ziren.

Igande eguerdian gazteak porrero mozorrotuta ibiltzen ziren, umeak beldurtuz eta era guztietako bihurrikeriak eginez. Arratsaldean eskean ibiltzen ziren etxerik etxe, danborrarekin, gitarrarekin edo akordeoiarekin. Etxerik etxe bildutakoarekin afaria egiten zuten gauean, musikaz lagunduta.

Astelehenean, gazteak mozorrotuta joaten ziren Aguraingo inauterietara, gurdi batekin eta mando batekin; Arabako Lautadako gainerako herrietakoak ere joaten ziren. Horretarako, gazteek karroza satirikoak egiten zituzten maiz. Asparreneko herriotatik gazteak inguratzen ziren, idi apainduekin eta gurdiarekin.

Asteartean Lasto gizona prestatzen zuten. Ote bila igotzen ziren mendira, sutarako. Arratsaldean herriko gaitz guztiak leporatzen zizkioten Lasto gizonari. Azkenik, erre egiten zuten, edo bolboraz lehertu.

Neskak herriko amonak bezala janzten ziren, beltzez: gona, txanbra, mantala eta zapia. Aurpegia, pintatutako maskara batez estalia.

Mutilek idien estalkia posizio desberdinetan jarrita eramaten zuten, normalean sorbalden gainean, uhal batzuekin lotuta. Bularreko uhaletik, idi buztanaren ilea zintzilik.

Garai batean oso garrantzitsua zen mozorroak eta maskarak pertsonaren identitatea ezkutatzea. Ibilkera ere disimulatu egiten zen, eta oinetakoak trukatzen ziren, inork ez ezagutzeko. Gorputz itxuragabeekin ere estaltzen zuten identitatea, lasto, belar eta arto hostoez lagunduta. Zenbat eta luzaroago ezkutatu norberaren identitatea, orduan eta gehiago baloratzen zen horretarako trebezia.

Garai batean, ohitura zen porreroek zahato pare bat eramatea errondaren garaian herritarrak gonbidatzeko; herritarrek zahatoa altxatzen zuten, adiskidetasun keinu harekin gozatuz.

Hiru herrien artean antzekotasun asko zeuden, baina baita berezitasun batzuk ere, hala nola:

  • Ilarduian

    neskek zuzenean parte hartzen zuten festan. Sua egiteko, Zubietatik ekartzen zituzten oteak. Arratsaldean Lasto gizona paseatzen zuten, eta erretolika bota eta hiltzera kondenatu ondoren, otez eginiko sutan erretzen zuten. Mozorrotuen segizioaren amaieran hiru pertsonaia zihoazen, agintari gisa, beren kapa beltz dotoreekin. Hiru pertsonaia horiek segiziotik aparte joaten ziren, distantzia bati eutsiz, zelatan egongo balira bezala, dena ondo joan zedin. Batek alkatearen aginte makila eramaten zuen.

  • Eginon

    herriko bizilagunak inauteriak hasi baino lehen elkartzen ziren, jaiegunetan gazteen bazkariak zein etxetan prestatuko ziren zehazteko. Etxeetan jasotakoaz eta “lapurtutakoaz” gain, gazteek ardi, ahuntz edo txahalen bat hiltzen zuten jaiegunetan jateko. Idi mozorrotutako bi gaztek gurdiari tira egin eta beste bik lagundu egiten zieten. Gurrumendi Gainetik jaisten zituzten oteak.

  • Andoinen

    pertsonaietako bat "hartza" zen: laguntzaile batek ezti abaraska bat zeraman, nahi bezala gidatzeko. Beste bat otso jantzita ibiltzen zen: ardi beltzezko estalki bat eramaten zuen, eta maskara batekin egindako otso muturra, bi adar txikiz itxuratutako belarriak eta lastozko txanoa.